XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa
Testuingurua
ROSA - Ai, Ama Birjina, nire altzariak beren kasa aldatzen direla lekuz... itzuli hona!
Pertini presidenteak?
KOMISARIA - Terrorismoaren nazioarteko saindutegiez hitzegin zuenean?
ROSA - Oraintxe esan duzu. Nahikoa izan zen aipamen lauso bat, eta ikusi al zenuen nolako iskanbila sortu zen? Gutxiz ez zuen leher egin hirugarren mundu-gerrak! Amerikarrek Ekialde osoa salatzen dute, terrorismoaren erroak Errusian daudela zin egiten dute, errusiarrek aitortzen dute CIA-k hil zuela Aldo Moro, frantsesek ba omen dituzte frogak Ghadafiren libiarrak mokordoan sarturik dabiltzanekoak, alemaniarrek palestindarrei leporatzen diete errua...
Gero, Parlamentuan egundoko ekaiztea lehertu zen: komunistak eta sozialistak, beti bezala, elkar salatzen eta driskilatzen aritzen dira eta besoak gurutzaturik geratzen dira. Eta bukatzeko, errepublikarrek erreferenduma aldarrikatzen dute herio-zigorraren alde. Istilu guzti hau sortu bada, gure Presidente maiteak izen-deiturarik eman ez zuelako izan zen. Beldurra sartu zitzaion!
Terrorismoaren goi-zuzendaritzaz hitzegitea arazo gogorregia da berarentzat ere. Eta zuk, hala ere, Don Kijoteren eginez ibili nahi duzu bizitzan zehar... (
LUZIA - Aizu, Rosa, barkatu baina ni ospa egitera noa. Badira jakin nahi ez ditudan gauza batzu. Sentitzen dut, baina ez daukat bizkarrean tiro bat hartuta hiltzeko gogorik
ROSA - Zoaz, zoaz, azpisuge zirrilda hori!
AGENTEA - Barkatu komisaria, baina nik ere alde egin nahi nuke...
KOMISARIA - Nora?
AGENTEA - Ba... ardura ez badizu, bukatua dut neure zerbitzualdia, eta neure emazteari medikuarengana joaten lagundu behar diot...
BESTEA - Ni ere bai, komisaria. Handitu egin zait hagin hau, eta dentistarengana joan beharra daukat...
KOMISARIA - Koldar pilo ederra zarete zuek! Ahoan ez baina ipurdian daukazue zuek handitua! Oilobustiak, euliak, kikilak halakoak!
BI AGENTEAK -
KOMISARIA - Sasikume bortak, besterik ez zarete. Zoazte, zoazte nahi baduzue. Utikan! Aide denok, altzariak ere bai!